-Idoia, laztana, institutura joan beharra duzu, gainera, Itziar eta Naroa berehala etorriko dira zure bila- esan zuen emakumeak alabaren lagunak leihotik ikusten zituen begiratuz.
Ez zuen erantzunik jaso. Idoia ez zen ohetik mugitu, eta bigarren saiakera egin behar izan zuen bere amak, alaba ohetik jaiki zedin.
-Idoia, mesedez… altxa zaitez ohetik eta gosal ezazu- esan zuen amak, alabak emango zuen erantzunagatik kezkaturik.
-Ez dut goserik- erantzun zuen Idoiak.
Amak bere begietako malkoak alde batera utzita alaba animatzen saiatu zen, berriz, oraingoan itxaropena galduta…
-Maitea, badaramatzazu hiru egun ezer jan gabe, mesedez jan ezazu zerbait- esan zion eskutik helduz.
Idoiak, amari kasu egin behar ziola zirudien. Ohetik jaiki, ama logelatik irtenarazi eta armairuan zuen arropa jantzi zuen. Praka beltz estuak, kamiseta urdina eta takoidun oinetako altuak. Ispiluan begiratu zen. Hura zen bere etsairik handiena. Takoidun oinetako haiek askoz ere meheagoa egiten zuten Idoiaren gorputza, baina berak loditasuna besterik ez zuen ikusten. Gogoz kontra sukalderantz abiatu zen, eta aulki gainean eseri zen. Amak frutaz gainera, esnea, gailetak, mermelada…etab. utzi zizkion mahai gainean. Idoiak ezin zuen bere burua engainatu, gose izugarria zuen, hortaz, mahai gainean zegoen guztia jan zuen.
-Egun on, Idoia- esan zion aitak sukaldeko atetik sartzerakoan- Kezkatuak gintuzun hainbeste egun jaten egon gabe, badirudi pasa zaizula.
Idoiak ez zion aitari erantzun eta bere logelara bueltatu zen. Sabela begiratu zuen aldi batez, eta beste batez, eta azkenean berandutu zitzaion. Bi aldiz pentsatu gabe, komunera joan eta bi hatzak aho barruan sartu zituen.
-<
Botaka aritu zen minutu batzuez, eta azkenean bere lagunekin ikastolara joan zen.
-Idoia, ikusi zenuen atzo telebistan bota zuten telesail berria?- galdetu zuen Itziarrek beti bezain alai.
-Ez- erantzun zuen Idoiak- Gurasoek ohera bidali ninduten nekaturik nengoelako, baina hala ere ez dut lorik egin.
-Zer dela eta?- galdetu zuen Naroak bere lagunari burutik pasatzen zitzaionaz jakin nahian.
-Nire gauzak dira- esan zuen honek- Ez zenituzkete ulertuko.
Gai horri buruz ez zuten gehiago hitz egin bidean, Idoiak lagunei argi utzi zielako ez zuela ezer kontatu nahi. Handik minutu gutxitara institutura iritsi ziren. Goizeko zortzi eta erdiak izango ziren gutxi- gora behera.
Idoiari goiza luzeegia egin zitzaion eta burua beste leku batzuetan zuenez, ez zion irakasleak esaten zuenari kasurik egiten. Halako batean, Idoiak mareatzen ari zela sentitu zuen, eta zirudienez gela barruan zeuden beste guztiek ere bai.
-Idoia!Idoia!Zer duzu?-izan zen konortea galdu baino pixka bat lehenago entzun zuen gauzetariko bat, irakaslearen ahotik aterata.
-Aurpegia zuritzen ari zaio!- entzun zuen urrunago.
Handik denbora luze batera esnatu zen. Ingurura begiratu zuen. Hura ez zen bere institutuko gela. Paretak zuriak ziren, eta bere inguruan milaka pertsona zeuden, eta haietako batzuk zuriz jantzita.
-Idoia, ongi al zaude?- ezagutu zuen amaren ahotsa gela hartan.
-Badirudi bere onera datorrela- esan zuen beste ahots batek, hau ordea, ezezaguna.
-Eskerrak…- esan zuen bere aitak lasaitasuna nabarmenduz.
-Kaixo Idoia, lasai egon, ospitalera ekarri zaitugu, klasean zeundela konortea galdu duzulako- esan zion medikua zirudien emakume batek.- Gosaldu al duzu gaur goizean?
- Nola ez zuen gosalduko..- erantzun zuen amak alabaren ordez- Mahai gainean utzi diodan guztia jan du.
-Egia al da hori?- galdetu zuen medikuak.
- Bai, baina gero gaizki jarri eta botaka hasi naiz- gezurra esan zuen Idoiak.
Medikuak gurasoekin hitz egiteko pasabidera aterarazi zituen. Pasabidea luzea eta estua zen, eta ez zen amaierarik ikusten.
-Zuen alaba ez zen gaizki jarri eta botaka hasi. Botaka hasi zen bulimia duelako- esan zien medikuak gurasoei.
Gurasoek bazekiten horrelako gaixotasunen bat izango zuela beren alabak, baina hala ere, gogorregia egin zitzaien beren alaba zegoen egoeraz jabetzea.
-Zuek saiatu behar zarete edozein momentutan, zuen alabak jaten duena tripa barruan gelditzeaz- esan zuen berriz medikuak, betaurrekoen gainetik begirada bat botaz.- Hori ez baduzue egiten, ez zaituztet engainatuko, seguruena hil daitekeela.
Egunak joan eta etortzen ziren ospitalean, eta Idoiak oraindik logela barruan jarraitzen zuen. Bisitak etengabeak ziren egoitza barruan; ikaskideak, lagunak, lehengusu- lehengusinak…
Sufrimendua ikusten zuen aurpegi guzti haietan, baina zer egin zezakeen berak? Zoriontsu izan zitekeen ispiluari begirada bat bota gabe? Hori zen buru barruan etengabe bueltaka zuen galdera . Gauza bat bazekien, ezin zuela bere bizitza guztia ospital baten barruan pasa.
Gau hartan milaka ames gaizto izan zituen. Alde batetik, haietako batean, bera ikusten zen. Gorputza lodia zuen, baina ospitaletik kanpo zegoen lagunekin, eta beste ametsa, bere heriotzarena zen. Ametsetan bere irudia ikusten zuen ohe baten gainean etzanda, hezurretan, eta inguruan, berak gehien maite zituen pertsonak zeuden sufritzen, negarrez…
Irekita zegoen leihoak esnatu zuen Idoia goizean. Eguzkia zeruan ageri zen, eta ez zen hodeirik ikusten. Egun paregabea lagunekin parkera joateko eguzkia hartzera, baina han zegoen, lau pareta haietan giltzapean. Momentu hartan, medikua sartu zen logelan:
-Egun on, Idoia. Badut berri on bat zuretzako- esan zuen irrifar batekin aurpegian- Ziurrenik gaur etxera bidaliko zaitugu, baina egunean aldi bat etorri beharko duzu hona, guk zu ikusteko.
Idoia nahiko lotsatia zen, baina hala ere, medikuari begiratu eta esan zion:
-Ez dut berriro botaka egin nahi. Konturatu naiz fisikoa, baino gauza garrantzitsuagoak ditudala kezkatzeko. Ez dut nahi nire familia eta lagunek gaizki pasatzea, eta lehen nintzen bezalakoa izatera iritsi nahi dut.
Medikua hunkitu egin zen neskaren ahotik ateratako hitz sorta hori entzutean eta erantzun zion:
-Zin egiten didazu saiatuko zarela jandakoa gorputzean mantentzen eta kilo batzuk irabazten?
- Noski baietz!-erantzun zuen Idoiak gauzak argi edukiz.
Arratsalde hartan, Idoia etxera bueltatu zen. Harrera ezin hobea egin zioten , eta geroztik, Idoiak zin egindakoa bete zuen, eta ez zen gehiago buru barruan zuen ispilu hartan begiratu.
No hay comentarios:
Publicar un comentario