2009/06/24

24 ORDU

-Edurne Etxarte dut izena eta 14 urte ditut. Zarautzen bizi nintzen orain arte, nire gurasoak bereizi direlako eta nire aitarekin bizitzera etorri naizelako hiri berri hontara. « Klonk ! » -Ez ! Kaka zaharra ! Ezabagailua erori da !- Barkatu.
-Kar, kar, kar… !
-Esan bezala, berria naiz eta… zuek ezagutzeko aukera izan nahiko nuke.-Ez nuen hori esan izan beharko. Orain ergel bat bezala geratuko naiz bizitza osorako… Hau lotsa !
-Lasai Oihane.
-Edurne -zuzendu dut.
-Edurne, Maiterekin eser zaitezke. Atzekaldeko izkina horretan.
-Eskerrik asko.
Maite den horrek haurraren irrifarre batez agurtu nau. Falta zena, orain gelako arrarotxoarekin eseriko nintzen.
-Kaixo!!-izan dira bere lehen hitz…arrarotxoak. Kar, kar!
-Zerekin zabiltzate orain?
-Zerez zerekin zertan?
-Emm… zer?-baina zertan ari da neska hori? Uste baina arraroagoa da. Bere beldur naiz. Eta gainera gelakide guztiek bere lagun egin naizela usteko dute.
-Zuk zerekin gabiltzan galdetu didazu ezta?
-Bai.
-Ba… hori.
-Ah. Ondo da.
Zertaz hitz egingo nuen orain neska honekin? Leku aldaketa eskatuko banu… ez, ez, gauzak ez dira horrela konpontzen.
-Beraz, zein izango litzateke erantzuna… Etxarte, Edurne Etxarte? - galdetu dit irakasleak.
Oh ez!
-Eeh… ba…-liburuan “angelua zirkunferentziaren erdia izango da…” irakurri eta zera bota dut:

- angelua zirkunferentziaren erdia izango da.
-Ez gaude matematikan!-garrasi egin dit.
Zer? Larri nago. Aurpegia gorri-gorri daukat eta izerditan nago. Lurrak batzuetan irentsiko banindu…!
«Riinngg !!! » txirrinak jo du.
-Ea esnatzen zaren- Maite begiratu nuen. Segituan irrifarre egin dit lasaitzeko moduan. “Eskerrik asko” pentsatu dut.- Badakit lehenengo eguna dela baina… Maite, egiten ari garenaz jakinarazi behar diozu.
-Bale -esan du Maitek, doinu inuxente batez.
Klasetik ateratzean, euria ari du eta nola ez, ez dut ez euritakorik ez txubaskerorik. Etxerako bidean, auzoko mutil kuadrila bat ikusi dut. Denak oso ondo jantziak, luzeak eta oso ederrak. Begira gelditu natzaie eta haiek niri. Baina, bat- batean, txirrista egin dut eta lurrera erori naiz. Golkoraino busti-busti eginda altxatu naiz. Madarikazioa ! Zergatik erori behar naiz une honetan hain zuzen ere ? Zer egin diot nik jendeari horren zorte txarrekoa izateko?
Burua goratu dut. Mutil guztiak barrezka ari dira, nitaz, noski. Zuzen begiratu diet aurpegi txarrarekin, isilarazteko asmoz, baina baita zera ere! Ni haien ondoan inurritxo bat bezala sentitzen naiz. Handiagoa izango banintz… Ibiltzen jarraitu dudanean, eskumuturrak min egiten didala nabaritu dut. Min handia. Soka batez goitik lotuta egongo balitz bezala eta mugitu ezingo banu bezala.
Lasterka iritsi naiz etxera.
-Aita!
-Kaixo Edurne. Zelan eskolan?
-…Ondo….
-Zera, zerbait esan behar dizut. Amak zu berarekin joatea nahi du, beraz, zorroa prestatu eta autobus geltokira joango gara. Barkatu hain… zuzenki eta azkar esana izateak, baina badakizu ez naizela gai beste modu batez esateko.
Holakoa da aita. Ez dizu ezertxo ere esaten eta gauzak igaroten uzten ditu edo zuzenki, eta bat-batean esaten dizkizu. Inoiz aldatuko ez den horietakoa da. Egun batean gosaltzeko arraultz prijituak, lukainkak, laranja zukua eta urdaiazpikoa prestatu zizkidan. Aldiz, bazkaltzeko, (gosaria ikusita, txahal oso bat espero nuen) ogia eta jogurta eman zizkidan. Horren bortitza, bai.
-Ba… ondo. Orain hasiko naiz.
-Ondo al zaude? Ez al duzu hitz egin nahi edo ez dakit, edo nahiago duzu itxaron denbora batez?
-Ez, ez, aita. Ondo nago lasai. Ulertzen dut.
Begiarekin keinu egin dit eta irrifar batez erantzun diot.
Nire gelara joan naiz eta oraindik lurrean dagoen motxila handia eta gorria hartu dut. Armairura begira gelditu naiz une luze batez. Pentsatzen. Ezer ez. Ateak ireki eta dagoen arropa guztia hartu eta zorroan sartu dut. Ator pare bat zulatuak ditut, amari esango diot josteko.
Ezkaratzaruntz joan naiz. Bertan, aita zegoen nire zain.
-Dena daukazu ?
-Bai, espero dut. Kar, kar! Ze, daramadan egunarekin!
Aitak ez du farrik egin. Zur dago, triste. Denbora batez elkar ikusiko ez dugulako. Ez da oso ondo eramaten ari bereizketaren kontua. Nik ere, ez dakit nola jokatu. Nola jokatu behar da malenkonia eta ezinegona elkartzen zaizkizunean?
Autobus geltokira iritsi gara. Negar egiteko gogoak sartu zaizkit, baita berari ere. Baina ez dugu negarrik egin. Txartelak eskuratu eta laister autobusera igo naiz motxila uztera. Jaitsi eta besarkada handia eman diot aitari. Hark niri muxu asko. Orduan, eskua luzatu eta 70€ eman dizkit eta zera esan dit :
-Eman ahal dizudan guztia da.
Goratu eta muxu eman diot masailetan.
Autobusera igo eta agur egin diot. Berehala, negarrez hasi gara biok, goibeltasunari ezin eutsirik.
Bidaia luze bat izan da Zarautzeraino. Iristean, ama zain nuen autobusarekiko espaloi hurbilenean.
-Edurne bihotza!- oihukatu dit.
-Ama!- esku-ahurrarekin agur egin diot, nekez behatzak luzatuz.
Motxila hartu dut eta berarengana hurbildu naiz.
-Zer moduz bidaia ? Eta eskola?
-Pixkat nekatua nago. Eskolan? Ondo, ondo…
-Goazen etxera.
Etxea izan beharko litzatekeen hori, ez zen etxea.
-Ama, beste etxe bat erosi al duzu?
-Ez, lagun bat bisitatzera igoko naiz. Oraintxe bertan nator.
Atea itxi eta etxe horretan sartu da.
Une hori pixkat atseden hartzeko eta ea lo hartu ahal nuen aprobetxatu dut. Segituan, amesten hasi naiz. Zarautzeko lagun guztien argazki pila daude, eta horietan ere ni agertzen naiz. Denak irribarrez. Koloreak aldatzen doaz eta halako batean, Gasteizko ikastolako klasean agertu naiz, nire lehengo gelakideek argazkiak nola ikusten eta haietaz barre egiten zuten begiratzen.
Bat-bateko soinu batek esnatu nau. Ama da, autoaren atea itxi eta sartu da.
-Mirarik mandatu bat egitea eskatu dit. Axola al zaizu momentutxo batean botikariarengana banoa ? Premiazkoa da.
-Ez, lasai. Nahi duzun denbora guztia egon zaitezke.
-Gero arte.
3 ordu eta erdi igaro dira etxera iritsi garenerako. Ez dut amaren bizitzeko era batere gustoko. Kokoteraino nago berataz eta bere erabakitzeko eraz.
Motxila ertain bat eskuratu eta Zarautzera joateko beharko dudan guztia sartu dut. Bitan pentsatu gabe, tren geltokira joan eta lehenengo aterako den trenaren txartelak erosi ditut. Alde egingo dut gaua heltzean.


EUSKARAZKO HAUR LITERATURAKO XXII. LEHIAKETAN, 1.SARIA NARRAZIOAN.

ANA VILLANUEVA DBH 2

No hay comentarios: