1.Kapitulua
Marrakecheko enparantza nagusiak arkupe bat zeukan, musulmanen arkitekturaren eredu garbia zena. Arkuak ederki hornituak zeuden eta eguzkiak gogor jotzen zuen egunetan, plazan jende pila ibiltzen zen arkupeetan itzal zati bat bilatu nahian. Igandeetan, enparantza merkatu gunea bilakatzen zen. Egun horretan argi ikusten zen plazaren bizitasuna. Izugarrizko beroa egin zezakeen, baina turistak eta saltzaileak beti zeuden han.
Turbantedun gizonak kolore bizietako oihalak saltzen zebiltzan bitartean, emakumeak frutak eta barazkiak saltzeaz arduratzen ziren; bananak, laranjak, tomateak eta hainbat alditan jandako jakiek goxoagoak ematen zuten salmenta postuetan. Turistak tratuak egiten zebiltzan gauzak merkeago lortzeko saiakeran eta atso zaharrek momentu horiek aukeratzen zituzten azal txuriko pertsonei biraoak botatzeko.
Mike Fanning inspektorea ikuskizun honetaz gozatzen zegoen bere familiarekin. Kate, alaba, eskutik heldua zeraman eta ezkerraldean Susan zegoen, bere emaztea. Fruta postu baten aurrean zeuden eta datil zoragarri batzuk erostea erabaki zuten. Momentu horretan, eta madarikazio baten antzera, Mike-n telefono mugikorrak jo egin zuen. Hain abesti alaia zen entzun zena, non inguruko jende guztia itzuli egin zen nondik zetorren ikusteko.
- Bai?
- Egunon Mike, Paul naiz. Sentitzen dut oporretan zaudelarik molestatu beharra izatea, baina arazo bat dugu.
- Zer gertatu da? – galdetu zuen Mike-k etsiturik.
- Hilketa bat izan dugu eta ezinbestekoa da zure laguntza hiltzailea nor den jakiteko.
- Paul, beti berdin gabiltza! Aski da 15 egunez oporrak hartu izatea itzuli behar izateko!
- Mike, zure laguntza behar dugu. Zin egiten dizut hilketa argitu ondoren Marrakech-era itzuliko zarela. Zure hegazkina 15:00etan irtetzen da.
- Bat zor didazu, Paul. Aio!
Tefonoa eseki eta gero, bere Kate eta Susan-i begiratu zien. Hain zeuden zoriontsu! Nola esan Edinburgora itzuli behar zuela?
Hegazkineko besaulkian eserita, gauza bakarra zeukan buruan biraka. Beti berdin Mike! Ez al zegoen beste inor laguntzeko? Noiz konturatuko zara familia lana baino garrantzitsuagoa dela? Ez naiz Edinburgora itzuliko! Zu ez bazaude ere, nire oporrak bukatuko ditut! Paul inspektoreak bidalitako informea irakurtzen zihoan bitartean, Mikek bere buruari galdetzen zion behin eta berriz ea Eskoziara itzultzea zen aukerarik egokiena.
Txostenak zioenez, hildakoa James Cannahan zen. 42 urtekoa, Edinburgoko Ever Green Terrace auzoan bizi zen. “Easy Constructions” izena zeukan enpresa eraikitzaile baten jabea zen. Eskoziako hiriburuko eraikinik berrienak enpresa honek eginak ziren. Gizon honek zeukan aberastasunarekin jende askok hil nahiko zuela pentsatuz gelditu zen lo.
2.Kapitulua
Hegazkinetik jaistean zuzenean komisaldegira joatea erabaki zuen. Ahalik eta azkarren jakiten bazuen nor izan zen hiltzailea, azkarrago itzuliko zen Marrakech-era Susan eta Kate-ekin.
Behin komisaldegira iritsita zuzenean joan zen zuzendariarekin hitz egitera. Paul Rocusse, bere bulegoan zegoen paper pila bat aztertzen. Denbora alferrik galdu gabe, Mike-ri egin behar zuena azaldu zion.
Fanning detektibea kotxean sartu eta Edinburgoko auzorik esklusiboenera abiatu zen Rocusse-n aginduz. Auzo honetan bizitzen ziren hiriko abokatu eta mediku hoberenak. Edimburgh FC taldeko jokalariak eta bestelako pertsona aberatsak. Cannahan zein etxeetan bizi zen ez zekien arren, berehala aurkitu zuen poliziaz inguraturik baitzegoen. Cannahan familiaren etxea izugarri handia zen. Hiru pisutan banatua zegoen. Lehen eta bigarren pisuak elkartuz, eskailera luze bat zegoen. Barraskilo baten oskolaren antzera kiribildu egiten zen eta Swaroski kristalez zegoen apainduta. Sukalde erraldoia, laurehun metro karratutako lorategia, erreka, igerilekua... denetarik zeukan. Etxebizitza baino gehiago, jauregi bat zirudien.
Luxuzko gauzen artean polizia zebilen aztarna daktilareak eta bestelakoak bilatuz. Zer nolako hotza egiten duen… Hobe egongo nintzateke Marokon … Zenbat loditu den Bruce! Ais… adinak eta bizitzak ez dute barkatzen! Ni etxe honetan biziko banintz… Don’t worry be happy! Bai, pozik bizi beharko. Beltzarana zaude. -Rittore medikuak bere pentsakeretatik esnatu egin zuen. Hiriko forensetik famatuena zen, Italiatik lanaren bila emigratutakoa.
- Egunon Mike! Zer moduz Marokon? -agurtu zuen Rittore-k, urteetan zehar ikusi izan ez balu bezala.
- Egunon Fabio! Ba ondo esan beharko... Zer berri duzu hildakoari buruz?– galdetu zuen Fanning inspektoreak ahoan irribarre bat zuelarik.
Rittore-k berehala ekin zion kontaketari. Gorpua egongelan aurkitu zuten eta ez zuen bortxaketa aztarnarik aurkezten, ezta arma zuriena ere. Beraz, hildakoa jateko edo edateko zerbaitekin hil zuten. Hala ere, ordu batzuk zeramala hilda jakinarazi zion. Mike-n lana nork hil zuen argitzea izango zen.
Etxera bueltan zihoala Mike ezin zen errepidean kontzentratu. Bere burua bueltaka zebilen toki batetik bestera. 60 km–tara… besterik ez nuen behar, eta gainera auto-ilara hauek… “Informatzen dugu E-22 errepidean 2 km –tako kotxe pilaketak daudela...” Gainera tontotzat hartzen gaituzte… Ai ama… Zertan ariko dira orain Susan eta Kate? Hondartzan… “Sorry seems to be the hardest word…” Egunero abesti hau entzun behar… Globalizazio madarikatua…. Marruecos-en beharbada hau egongo dira entzuten… Hilketak ere globalak dira, baina dena emango nuke hilketa hau gertatu ez izanagatik… Badirudi ilara aurreratzen doala… “eta oraintxe entzun dugu John Elton-en abesti zoragarri hau…” zorte pixka batekin 20 minutuetan egongo naiz egongelan…
Etxera iristean inoiz baino gehiago sentitu zuen bere familiaren falta. Hain zegoen txukuna etxea, zer egingo zuen Susan gabe? Bera zen garbitzen zuena, arropa lisatu eta armairuetan sartzen zuena…
Hurrengo egunean, Mike Ever Green Terrace auzora abiatu zen. Astezken argitsua zen, hodeirik gabekoa, baina hala ere hotz handia egiten zuen. Ez zekien galdeketa nondik hasi, nor izango zen proba garrantzitsu bat emango ziona. Buruari bueltak eman eta gero, hoberena Cannahan jaunaren emazteari galdeketa egitea izango zela pentsatu zuen. Emazteak Daniella zuen izena eta errusiarra zen. Bere familia oso aberatsa zen. Kyrilenko-tarrak Errusiako petrolio putzuen %95 kontrolatzen zuten eta kalean entzuten zenez, mafiarekin zerikusia zuten. Lehendabiziko begiradan Mike liruratua geratu zen, inoiz ikusi zuen emakumerik ederrena zen hura, nabaritzen zen modelo izana zela. Begirada kendu gabe, berarengana zuzendu zen.
Egunon andrea, Fanning inspektorea nauzu. Zure senarraren hilketa argitzeko nago hemen.
Egunon inspektore jauna- esan zuen malkoa masailetik behera erortzen zitzaiola.
Momentu txarrak diren arren, zurekin hitz egitea gustatuko litzaidake. Izan ere, hobe da hau eta ahalik eta azkarren egitea.
Bai, bai, noski. Ulertzen dut.
Hitz egiteko toki aproposen batera joango bagina...
Noski- erantzun zuen Kyrilenko andreak eskaileretatik gora zihoala.
Daniellak logela handi batera zuzendu zuen eta bertan zeuden eserleku batzuetan eseri zen Fanning inspektorea. Zeukaten aberastasuna sinetsi ezinik, galdeketa hasi zuen.
Mesedez, esaidazu zer egin zenuen asteartean.
Goizeko 10etan esnatu nintzen. Gosaldu eta bainu luze bat hartu ondoren erosketa batzuk egitera joan nintzen. Lehenik eta behin, Versace-n sartu nintzen praka batzuk erosteko. Denda horretatik atera eta ondoan zegoenean sartzea erabaki nuen, belarritako berriak erosi behar nituen eta Tiffany’s zen dendarik egokiena. Gero…
Ondo da, hori guztia ziurtatzen duen probarik al daukazu?- galdetu zion Mike Fanning-ek.
Dendetako erosketak ziurtatzen dituzten agiriak dauzkat.
Erakutsi iezaizkidazu, mesedez.
Diruzorroaren bila joango naiz.
Kyrilenko andreak diruzorroa ekartzen zuen bitartean, inspektoreak logela behatu zuen. Oso hornitua zegoen. Leku guztietan ikusten ziren luxuaren adierazle ziren objektuak.
Atetik sartu eta ezkerretara, armairu sendo eta dotore batek biltzen zituen arropak. Bere aurrean, lurzoruan, hartz zuri baten larruarekin eginiko alfonbra batek apaintzen zuen logela. Armairuaren parean, erreselak zituen ohe handi bat zegoen eta eskuinean, balkoia. Bertatik, ikuspegi bikaina zegoen. Lorategi guztia ikusten zen. Logelaren ezkerraldean komuna zegoen. Komuna nahiko handia zen. Baina ikusgarriena, komunaren izkin batean zegoen bainera zen. Borobila eta burbuilak askatzen zituen horietakoa. Konketa, komun-ontzia eta dutxa txiki batek osatzen zuten komuna.
Ate soinua entzun zuen eta komuna begiratzeari utzi zion. Kyrilenko andrearen agiriek argi uzten zuten arropa erosten egon zela. Baina galdeketan zehar, zerbait ezkutatzen zuela sumatu zuen Fanning inspektoreak. Bilatzen jarraitu beharko zuen.
3. Kapitulua
Ostegun hartan, egunkarien azalek gai bakarra zeukaten: James Cannahan-en hilketa. Nola hil zen argi ez zegoen arren, Times egunkariak Kyrilenko andreak pozoitu egin zuela esaten zuen. Hori ikustean, komisaldegian egongo zen egoera igarri zuen.
Goizeko 8:30ean kotxea aparkatu zuenean komisaldegia zegoen kalean BBC eta beste tokietako kazetariak saiak bailitzan hurbildu ziren Fanning inspektorearengana James Cannahan-en hilketari buruzko datuak lortu nahiean. Mike-k lehorki esan zien berak ez zuela deklaraziorik egingo.
Galdeketekin jarraitu beharra zuen eta Tom Wood elkarrizketatzea erabaki zuen. Txostenak zionez, James-en kidea zen. Elkarrekin sortu zuten enpresa txikitatik lagunak baitziren. Fanning inspektoreak Edinburgo-ko kanpoaldera jo zuen, bertan zegoen eta “Easy Constructions” enpresa. Eraikin arrunta zen, txuriz margotua, nahiko handia eta langile asko zebilen inguruan. Mike-k buzo urdina zeramaten bi gizonei galdetu zien ea non aurki zezakeen jabea eta hauek eskailera batzuk seinalatu zituzten.
Tom Wood ordenagailuaren aurrean eserita zegoen eta Mike ikusi zuenean izu izpi bat agertu zen bere begietan. Mike Fanning aurkeztu egin zen eta galdeketari ekin zion. Wood jauna ez zegoen lasai. Gizon altua eta sendoa zen baina erabat kikildua zegoen. Bere aurpegi beltzarana izerdi tantek zeharkatzen zuten eta bere begi urdinak, beldurrez beteak, ez ziren geldi geratzen.
Zer egin zenuen asteartean? Izan zaitez ahalik eta zehatzen, mesedez.
Zazpietan jaiki eta gosari lasai eta eder bat hartu nuen. 8etan iritsi nintzen lanera eta betiko gauzak egiten hasi nintzen. James etortzen ez zela ikustean, bere etxera deitu nuen eta inork hartzen ez zuenez, mezu bat utzi nuen erantzungailu automatikoan.
Ondo da -esan zuen Fanning inspektoreak.- Azkeneko egunetan zerbait berezia gertatu al da enpresan?
Ez... Tira bai... Beno, pasa den astean tratu bat sinatu nuen “Takoshima” japoniar multinazionalarekin.
James Cannahanek ba al zekien zerbait tratu honi buruz?
Ez. Baina ez nuen bere baimenarik behar.-esan zuen Wood jaunak urduri- Ez dut ezer gehiago esan behar nire abokatuaren aurrean ez bada.
Ba deitu zure abokatuari, komisaldegira zatoz gurekin.
Behin komisaldegian zeudela, Mike zuzendariarekin hitzegitera abiatu zen. Paul Rocusse leihotik begira zegoen eta Fanning inspektorea ikustean bekaina altxatu zuen. Bekain altxaketa horrek “Zer moduz doa dena?” esan nahi zuen. Mike, eseri, eta Tom Wood-ekin gertatutakoa kontatu zion. Kontatzen zuen bitartean geroz eta argiagoa ikusten zuen egoera. Wood jaunak mezu bat utzi zuela esan zuen, baina James Cannahan-en erantzungailua hutsik zegoen. Hiltzearen arrazoia ere argi zegoen, japoniarren tratuarekin zerikusia zuen zerbait zen.
Zerbait falta da. Ziur nago. Gauzak bat etortzen dira baina ez dakit... Kyrilenko andreak ezkutatzen du zerbait. Erosketak egin behar ditut, ez daukat kaferik. Rittore-rekin hitzegin behar dut. Kafea edateagatik hil ote zen? Susan eta Kate botatzen ditut faltan. Zapata berriak erosi beharko nituzke ere. Kasu hau bukatu behar dut Susan eta Kate-ekin itzultzeko. Txostena nik egin beharko dut? Joe-ri esango diot. Euria hasi behar du. 10 metro etxera iristeko.
Afaldu eta gero, sofan eserita zegoela whisky koparekin, elkarrizketatzen hurrengoa nor izango zen pentsatzen ari zen. “Easy Constructions” enpresarekin zerikusia zuen norbait izan behar zuen. Langile bat. Edo hobe, kaleratutako bat.
Bitartean, Fernando Alvares, “Fernandito” ezizenez ezagutua, jatetxe mexikarrean zegoen zerbitzari bezala. Ez zen oso altua, 1’65 metro inguru. Mexikar guztiak bezala, azal beltzarana zeukan eta begi beltz dizdiratsuak. Toki batetik bestera saltoka ibiltzen zen rantxerak abesten. Ez zeukan tenore ahotsik baina bera entzutean mundu osoa hasten zen kantatzen. Tekila pixka bat edaten zuenean emakumeak ziren bere gai bakarra. Ile beltza edo gorria izatea ez zuen axola, Fernanditok guztiak zituen gustoko. Gauza bakarrak parekatzen zuen emakumeekiko zeukan maite-sua: janariak.
Lagun asko zituen arren, bakarrik bizi zen Edinburgoko erdialdeko etxebizitza zahar batean. Chihuahuatik aldegin zuen duela 6 urte, baina ingelesez hitzegiten zuenean berehala nabaritzen zen nongoa zen. Bere lema ondorengoa zen : Soy mexicano guey, y me gustan las mujeres y la siesta mas que al propio rey.
4. Kapitulua
Mike irribarre batekin altxatu zen egun hartan, ostirala zen eta bazekien nori egingo zion galdeketa. Txostenean jartzen zuenez, “Easy Constructions” enpresak eginiko azken kanporaketa Fernando Alvaresena zen. Gosaldu ondoren, komisaldegira joan zen eta berari buruzko informazioa bilatu zuen.
Goizeko 10:00ak inguruan, Fanning inspektorea “Panchito” jatetxe mexikarrera abiatu zen bertan lan egiten baitzuen Fernando Alvaresek. Bazkaltzeko denbora asko geratzen zen arren, jatetxean mugimendu handia zegoen. Sukaldean sukaldariak jo ta ke zebiltzan janaria prestatzen eta zerbitzariak bitartean, mahaiak antolatzen. Neska bati galdetu ondoren, aurkitu zuen Alvares.
Egunon! Fernandito Alvares? –galdetu zuen Mike Fanning-ek.
Bai, ni naiz. Arazoren bat egon al da jauna?
Azkeneko hilabetean “Easy Construction” enpresan lan egiten aritu zara ezta Alvares?
Llamame Fernandito, guey. Bai, hala da. –erantzun zuen pixka bat lasaiago.
Galdera batzuk egin nahi dizkizut James Cannahan-en inguruan. Zergatik kanporatu zintuen?
Ba egia esan ez dakit. Horregatik saiatu naiz behin baino gehiagotan lanpostua berreskuratzen.
James Cannahan ikusi zenuen zure kanporaketaren ondoren?
Bai, larunbatean joan nintzen bere etxera. Ez zait batere ondo iruditzen arrazoirik gabe kanporatzea, horregatik nahi nuen berak zerbait esatea. Baina auzo pijo horretara iritsi nintzenean, festa bat ospatzen ari ziren Cannahan-en etxean. Ez zidan kaso zipitzik ere egin!
Fernanditoren ahotsean argi nabaritzen zen barnean zeraman gorrotoa. Mike-k buruarekin baietz esaten zuen. Asteartean zer egin galdetu zion ondoren, eta mexikarrak jatetxean lanean aritu zela esan zuen. Sukaldariek eta bi zerbitzarik baieztatu zuten Fernando Alvaresek esandakoa. Beraz, eskerrak eman eta “Panchito” jatetxetik aldegin zuen.
Mike Fanning-ek komisaldegira oinez bueltatuko zela erabaki zuen. Eguzkiak inoiz baino gehiago argitzen zuen eta egun bikaina egiten zuen bueltatxo bat emateko. Gainera, pentsatu beharra zuen. Kasua ez zen argitzen, eta inoiz ez bezala sentitzen zuen Susan eta Kate-en falta.
Une berean, telefono mugikorrak jo egin zuen. Bai? Bai, ni naiz. Nola? Tom Wood-en abokatua? Bai bai, noski. Zer? Horrek gauza guztiak aldatzen ditu. Bale ba. Agur.
Fanning inspektorea erabat harritua zegoen eseki zuenean. Deialdi honek dena aldatzen zuen. Tom Wood-ek susmagarri nagusia izateari uzten zion. Gizon batekin egon zen astearte hartan. Marikoia zen. Galdeketaren egunean ez zuen ezer esan erabat lotsagarria zelako berarentzat, gaizki ikusita zegoen herrialdeko eraikitze enpresa garrantzitsuenaren azpizuzendariak gizonak gustoko izatea. Hasieran bezala gaude. Ez daukagu ez susmagarririk, ez ezer. Pikutara Marrakechera itzultzeko planak. Hilabeteak pasa ditzazkegu hiltzailearen bila. Agian lortu dute hilketa perfektua. Ez dugu lortuko...
Komisaldegira iritsi zen eta gertatutako guztia kontatu zion Paul Rocusseri. Etsiturik, etxerako bidea hartu zuen. Bazkaldu ondoren itzuliko zen berriro. Zorte pixka batekin, aurrera joaten lagunduko zien zerbait aurkituko zuten.
5. Kapituloa
Ordu eta erdi zeraman komisaldegian. Bere bulegoan eserita, orriak irakurtzen zegoen, baina irakurtzen zuenari kasurik egin gabe. Bapatean, fax bat iritsi zen. Banketxean egondako lapurketarekin zerikusia izan zezakeen zerbait izango zela pentsatuz, alboratu egin zuen. Segundu batzuk geroago begirada bat ematea erabaki zuen eta orduan konturatu zen Fabio Rittore forenseak bidalitako faxa zela, hildakoari buruzko informe anatomikoa.
Rittore medikuak zioenez, James Cannahan-en gorpuan, Na2O5(KI2)3. Substantzia berri bat zen, laborategiko inork ez baitzuen ezagutzen. Erreaktibo honek hildakoaren metabolismoa izoztu egin zuen, hori dela eta, asteartean hil zutela pentsatu zuten arren, 72 ordu zeramatzan hilik. Substantzia hau oso zaila zen aurkitzeko, horregatik berandutu ziren hainbeste hilketaren kausa argitzeko orduan. Fabio Rittoreren arabera, substantzia beste jaki batean zegoen ezkutatuta eta ordu pare bat pasa ondoren efektu egin zion, heriotza eraginez.
Mike Fanning-ek ezin zuen sinetsi irakurtzen ari zena. 72 ordu zeramatzan hilik... Larunbata... Alvares-ek esan zuen festa... Janarian ezkutatua... Ideiak bere buruan biraka zebiltzan. Festan egondako pertsonen zerrenda behar zuen eta pertsona bakarrak lor zezakeen: Daniella Kyrilenkok.
James Cannahan-en alargunaren begiek itsasoa ekartzen zuten gogora. Mike Fanning-ek uste zuenez emakumearen proportzio perfektua emakume honek zeukan. Negarrez ari zela eman zion ongietorria Fanning inspektoreari. Egun batzuk lehenago poliziaz beterik egon zen etxean isil-isila zegoen orain. Daniellak gonbidatuen zerrenda luzatu zion Mike-ri. Lehenengo izena Steven Anderson zen. Eskerrak eman zizkion Kyrilenko andreari eta etxera abiatu zen.
Gaueko 10ak ziren arren, Anderson jauna deitzea erabaki zuen. Minutu batzuen ondoren, hurrengo egunean geratzeko adostu ziren. Mike Fanning inspektorea lehertuta zegoen eta ohera joatea erabaki zuen nahiz eta afaldu gabe egon.
Steven Anderson gizon gaztea zen. Begi berdeak zituen eta oso altua zen. James Cannahan-en auzokidea zenez festara gonbidatua zegoen. Sei eta erdietan iritsi zen Soniarekin, bere andregaia. Bertara ailegatzean, Sonia emakumeekin hitz egitera joan zen eta Steven gizonekin. Futbolaz hitzegiten ari ziren Peter kanape goxo batzuekin iritsi zenean.
Barkatu baina, nor da Peter? –galdetu zuen Fanning inspektoreak Steven Andersonen kontaketa moztuz.
Gure auzokidea da, James-en ondoan bizi da. –erantzun zuen labur- fisikari eta kimikaria da, baina beti esaten diogu sukaldaria izan beharko lukeela. Inork baino hobeto egiten ditu postreak eta era guztietako platerak! Larunbatean kanapeak, entsalada epela, sahieskiak rokefor gaztarekin eta marrubizko tarta bat egin zituen. Bikaina benetan!
Norbait gaixotu zen jakiren bat jan ondoren?
Ez, denak egon ginen ondo gaua iritsi zen arte. Gero bakoitzak bere etxera alde egin zuen baina inor gaixotu balitz jakingo genukeen.
Eskerrak eman ondoren Mike-k alde egin zuen. Informazio guztiak bat egiten zuen. Larunbatean festa bat egon zen eta janaria eraman zuena kimikaria da. Daniellak zerbait ezkutatzen zuen. Dena argi zegoen. Bi egun barru Marrakechen egotea lortu zezakeen; Susan eta Kate-ekin, hirurak elkarrekin, hiri zoragarria ikusten... Gauza bakarra falta zen: probak.
6. Kapitulua
Susan? Mike naiz. Kasua amaitzear nago, Marrakechera itzuliko naiz gutxi barru. Zer moduz doa dana? Kate ondo dago? Sentitzen dut aldegin nuenean esan nuena. Eman muxu haundi bat ene loretxoari. Maite zaitut.
Igande hartan, Mikek eguerdirarte lo egin zuen. Inspektore lana neketsua zen. Aurreko gauean Susani mezu bat utzi zion eta egun hartan egingo zuena argi zeukan. Ever Green Terrace auzora joango zen kimikariarekin hitz egitera, eta ondoren, Daniella Kyrilenkoren etxera. Gutxi faltatzen zen misterioa ezagutzera emateko.
Peter Griffith jaunak Fisika eta Kimika ikasi zuen unibertsitatean, eta oso nota altuekin gainditu zuen. Inspektoreak etxeko atean jo zuenean, Peter harritua geratu zen, eta are harrituagoa berarekin zegoen emakumea. Ez Griffith jaunak, ez Kyrilenko andreak ez zuten bisitarik espero. Mike Fanning agertu zenean sorpresa handia hartu zuten.
Inspektoreak mugikorra hartu eta laguntza eskatzen zuen bitartean, Peter Griffith jaunak guztia kontatu zuen. Daniella eta berak, urteak zeramatzaten maitaleak izaten, baina Daniellak ezin zuen Jamesengandik dibortziatu. Elkarrekin egoteko modu bakarra James desagertzea zen. Horrela lortuko zuten betirako elkarrekin egotea.
Peter denbora luzez egon zen probak egiten; Na2O5(KI2)3 substantzia aurkitu zuenean Daniellari azaldu zion eta bion artean adostu zuten festa bat egitea. Griffith-ek sukaldaritzarako zeukan zaletasunak ezkutatuko zuen substantzia eta horrela, lortuko zuten zoriontsu izatea.
Griffith jaunak hitzegiteaz bukatu zuenean Paul Rocussek Daniella Kyrilenko eta Peter Griffith-en atxiloketa agindu zuen James Cannahanen hilketaren errudun izateagatik. Daniella negar zotinka sartu zen kotxean; ez zirudien urte batzuk lehenago munduko neskarik ederrenetariko bat izan zenik. Peter Griffith jaunak isilik jarraitzen zion bere maitaleari. Hain adimen handia izanik urte dexente pasa beharko zituen ezjakinez inguratuta.
Arratsalde hartan Mike Fanning-ek hegazkin bat hartu zuen Marrakecherantz. Aste bat pasa ondoren berriro ikusiko zituen bere bi altxorrak: Susan eta Kate. Besaulkian eserita eta leihotik begira, maitasunean egon zen pentsatzen. Kyrilenko eta Griffith-en irtenbide bakarra heriotza al zen? Erantzun bat aurkitu aurretik, lotan geratu zen.
Xabier Jimenez eta Leire Uriarte