2008/03/07

AZKENEKO BIDAIA

1


“TechnoWorld eta HTWork enpresa holandarrak elkarrekin lan egingo dute irailaren 14tik aurrera.
Bi teknologia enpresa hauek elkarrekin lan egingo dute mundu osotik TechnoHT enpresa bezala, teknologia mundu osora zabaltzeko. Hurrengo Irailaren 1ean egingo den bileran azkeneko akordioak zehaztuko dira.
…”
Egunkaria itxi nuen. Bosgarren aldia zen berri hura irakurtzen nuela. Maletinatik bileran esan beharreko apunteak atera nituen. Irakurtzen hasi nintzen… “Zertan nabil…. memoriaz dakit eta…” eta oraindik hiru ordu gelditzen ziren bidaia bukatzeko. Egarri nintzen: “Barkatu – esan nion azafatari – ekarriko didazu Coca-Cola bat mesedez?” Leihotik begiratu nuen, ez zen ezer ikusten, gaua zen, hegazkineko beste bidaiariak begiratu nituen orduan,oso arraroak ziren, hegazkina orokorrean oso arraroa zen. Coca-Cola ekarri zidaten, eta lasai-lasai edaten hasi behar nintzenean… hegazkinak astindu gogor bat eman zuen, eta edaria gainera erori zitzaidan. Bidaiarien artean beldur aurpegia zabaldu zen. Hauek ez ziren turbulentziak, hegazkina behera zihoan abiadura handiz. Beste bidaiari guztiekin batera oihukatu egin nuen. Aurrean nuen gizona bueltatu egin zen:
- Hemen gelditzen bagara hilko gara! - Esan zidan – goazen salto egitera!
Hegazkina uretatik hurbil zegoenean salto egin genuen.
Konturatu nintzenerako uretan nengoen, eta hegazkin zatiak hamar metrotara zeuden. Onik atera nintzen bakarra izan nintzen, eta orduan bakardade handia sentitu nuen. Urrunean irla bat ikusi nuen, ilargiaren argiaz argituta. Bitan pentsatu gabe igeri egiten hasi nintzen…


2

John Owers Estatu Batuetako negozio gizon bat zen. Munduan zehar ibiltzen zen beti, alde batetik bestera. Bere lanerako bizitzen zen, bere familia bakarra bere gurasoak ziren, baina lana zela eta, ia inoiz ez zeukan denbora beraiekin egoteko.
Bere burua oso ondo zaintzen zuen, egunero bizarra mozten zuen eta egun libreetan gimnasiora joateko aprobetxatzen zituen. Oso ordenatua zen lanean nahiz etxean.
TechnoWorld teknologia enpresan lan egiten zuen, kanpo erlazioetaz arduratzen zen. Goizean goiz joaten zen lanera eta arratsaldeko azken orduetan ateratzen zen. Hori bidaietan ez zegoenean, noski. Bere lana oso gustukoa zuen, eta lan orduak oso ongi ordaintzen zizkioten. Bere enpresan oso gustura zegoen, eta enpresakoak oso gustura berarekin. Bere lankideekin zeukan harremana oso ona zen. Bere lana oso ondo egiten zuen.
Bere enpresa, TechnoWorld, teknologiaren monopolioa lortuko zuen HTWork enpresarekin elkartzean, eta beraz, izugarrizko dirutza lortuko zuen. Baldintzak zehaztu ondoren akordio batera iritsi ziren, eta hurrengo irailaren 14ean TechnoHT enpresa aurkeztuko zuten meeting batean. Horretarako, lehenengo bilera bat egin behar zuten akordio guztiak sinatuz.
John, bileran egon behar zen enpresako irudi garrantzitsu bat zelako, eta Amsterdamera joan behar zen, bertan ospatuko zelako.


3

Irlara iritsi nintzen, ezin nuen sinetsi. Hondartzaren hondarrean nengoelarik itsasorantz begiratu eta istripuak eragindako sua oraindik antzeman nezakeen. Leher eginda nengoen, egia esan , olatuek hondartzara eraman ninduten. Energia behar nuen. Ezin nuen jarraitu. Lo egitera gelditu nintzen. “ Bihar hemendik irteteko zerbait pentsatuko dut “ nire buruari esan nion, eta lurrean buruz gora gelditu nintzen.
Esnatu nintzen, ez nekien zenbat ordu lo egin nituen. Ez zitzaidan inporta, istripua oraindik buruan neukan. Jada ez zitzaidan axola Amsterdamen neukan aurkezpena. Bakarrik handik irtetean pentsatzen nuen. Begiak ireki nituen pixkanaka-pixkanaka. Ez nuen hondartzako olatuen soinua entzuten, ezta irlako zuhaitzen hostoena ere. Ez nengoen hondartzan, ez nuen harea nabaritu nire inguruan. Astindu batez esnatu nintzen orduan. Alboetara begiratu eta gela arraro batean nengoela konturatu nintzen. Ohe arraro baten gainean nengoen, ohatila baten antzekoa. Besoetan makina batera iristen ziren urre koloreko hodi bana sartuta neuzkan. Momentu batean kendu nituen, nahiz eta min handia jasan, ohetik jaiki eta ingurura begiratu nuen. Nire alboan bi leiho zahar zeuden. Ezin izan nuen beste aldean zegoena ikusi, egurrezko xaflekin estalita zegoelako. Leihoen eskuinean, urre koloreko hodien makina zegoen. Honen ondoan hainbat armairu zeuden. Jarraian, mahai bat zegoen. Ez zeukan ezer gainean, lanpara txiki zahar bat bakarrik. Mahaiaren ondoan atea zegoen, irteera bakarra eta honen ondoan tantaka batzuk.
Oso arraroa sentitzen nintzen. Zutik jarri nintzen eta bazirudien dena mugitzen zela. Aterantz joan nintzen nire ustekaberako, irekita zegoen. Atea ireki eta pasabide bat zegoen. Ez nuen inor ikusi, beste bide bat aurkitu behar nuen. Sabairantz begiratu nuen: “ hori da! ” pentsatu nuen, aire konduktua ikustean. Mahaia kanpora eraman nuen, sabaizuloaren azpian jarri eta igo egin nintzen. Salto batez, konduktura heldu eta barrura sartu nintzen. Leku justua neukan handik ibiltzeko. Poliki-poliki jarraitu nuen, soinu gehiegi egin gabe. Izerditan blai nengoen, beldurra nire gorputzetik zabaltzen hasi zen. Laborategi horretako batek harrapatuko banindu…ez nuen horretan pentsatu nahi. Hortik jarraitzen banuen irteera bat aurkituko nuen, seguruenik.
Konduktutik jarraitu nuen denbora luze batez. Birak ematen nengoela iruditzen zitzaidan. Bat-batean gelditu nintzen. Bi ahots ezberdindu nituen:
- Zerbait berri 117 subjektuari buruz? – esan zuen lehenengo ahotsak.
- Ez, baina lasai, ezin da oso urrun egon – esan zuen bigarrenak.
- Ezin du ihes egin, beste batek ez.
- Lasai, ezin da hemendik atera... – eta pauso batzuk entzun nituen. Handik joan ziren.
Handik jarraitu nuen eta azkenean… urrunean argi bat ikusi nuen. Irribarre bat agertu zen orduan nire ezpainetan. Irteera zen. Eguzki izpiak ziren nire begiek ikusten zutena. Ibiltzen jarraitu nuen gelditu gabe eta iristerakoan egiaztatu nuen. Irteera bat zen! Hortik atera behar nintzen, baina lurreraino bizpahiru metro zeuden. Salto txiki bat eman nuen, lekurik ez zegoelako. Buruarekin ez erortzea lortu nuen, nahiz eta izugarrizko kolpea hartu. Minduta gelditu nintzen, baina handik altxatu eta ahal nuen azkarren basorantz korrika egin nuen atzera begiratu gabe.





4

Arratsaldea zen, eta giroa hozten hasia zen. Basoa oso hezea zen, zuhaitz eta landarez beteta zegoen. Nekez lurrera erori nintzen.
Tira, John, altxa zaitez, bai, ihes egin behar dugu, hondartzara joango gara, ea itsasontzi bat pasatzen den, zer? Hemendik ez da itsasontzirik pasatuko, irla madarikatu hau ez da mapetan agertzen, ez du inork ezagutzen, gose naiz, zerbait jan behar dut, ez, ia gaua da, lo egin behar dut, leku bat aurkitu, eta bihar zerbait jan, bai, fruituren bat edo, baina joder, berriz harrapatzen banaute zer, ni ez naiz basoko mutila, toki seguru bat aurkitu beharko nuke haiek berriz ez aurkitzeko, ez dakit nortzuk diren ezta zer hostia egin nahi duten nirekin ere, beno, hotza egiten du, gaua iristen bada, ez dut ezer ikusiko, hori da, goazen zerbait bilatzera, goazen motel, altxa zaitez!
Arnasa hartu eta neuzkan indar eskasak aprobetxatuz zutik jarri nintzen. Oinez hasi nintzen, begiak ixten zitzaizkidan eta hankak ez zuten ongi erantzuten. “ ez, goazen John, pixka bat gehiago, bakarrik pixka bat… ” behin eta berriz errepikatzen nion nire buruari. Ahal nuen moduan mugitzen nintzen zuhaitz eta zuhaixken artean. Konturatu nintzenerako eguzkia joana zen, nahiz eta oraindik zerbait ikusi. Leher eginda nengoen, minutuak oso azkar pasatzen ziren eta denbora agortzen zitzaidan. Korrika egin nahi nuen handik irteteko baina ezin nuen eta presa eman behar nuen toki seguru bat aurkitzeko. Bat-batean belaunek huts egin zidaten, eta lurrarekin topo egin nuen.
- Joder! – oihu egin nuen lurrera erotzean – Ez naiz inoiz hemendik aterako!
Norbait hurbiltzen zegoela nabaritu nuen. “ Ez, haiek ez! ” pentsatu nuen. Ezin nuen gehiago, ezta ihes egiteko altxatu ere.
Esku batek nire sorbalda ukitu zuen, eta ahots gogor batek esan zidan:
- Lasai, ez zaituzte berriz aurkituko, nirekin etorriko zara - Ez zen haietarikoa, behar nuen segurtasuna eman zidan eta lo gelditu nintzen.
Esnatu nintzen. Dena izugarri ongi gogoratzen nuen, pertsona horrekin hitz egin arte.
Kobazulo antzeko batean nengoen, oso hezea zena, hainbat trapuen gainean nengoen. Kobazuloaren lurra trapuz beteta zegoen.
- Esnatu zara, zer moduz zaude? – esan zidan ezezagunak.
- Nor zara? – esan nuen bere hitzei garrantzi handirik eman gabe.
- Egia da, ez dizut ezer esan. Charlie naiz, duela hilabete bat, edo bi, ez dakit, hona iritsi nintzen, hegazkin istripu baten ondorioz, lasaitu zaitez. – eta ur edalontzi bat eskaini zidan.
Benetan bitxia zen. Ez zen oso altua, baina izugarrizko giharrak zituen. Ez zeukan ilerik, eta eskuineko begian partxe bat zuen. Ez nion ezer galdetu, badaezpada. Gorputza orbainez beteta zuen. Arraroa izan arren, pertsona ona zirudien.
- John dut izena, John Owers. – eta eskua luzatu nion.
- Denbora luzean norbait ihes egitean espero nuen, ni bezala – esan zuen gaia aldatuz.
- Ihes egin? Nondik?
- Badakizu, laborategi horretatik.
- Zer egiten dute bertan?
- Egia esan ez dakit, baina pertsonekin lan egiten dutela ziur nago. Entzun, hemendik irteteko plan bat daukat. Zure laguntza behar dut, biok ihes egingo dugu. Ezin dizut ziurtatu ongi aterako denik, bina hemen ezkutaturik egotea baino hobea da.
- Lagunduko zaitut, nire bizitza berreskuratu nahi dut eta.
- Ongi da. Hau egingo dugu….


5

Gaua zen. Dena prest zegoen, eta oso urduri geunden. Kobazulotik atera ginen. Ilargia zeruan irribarretsu zegoen. Laborategia zegoen lekurantz abiatu ginen. Laborategitik atera nintzen aire konduktura iritsi ginen.
- Plana pentsatu bezala egingo dugu - esan zidan.
- Bai – erantzun nion.
Bere laguntzarekin konduktuan santu nintzen. Oso urduri nengoen, baina plana ongi ateratzeko gogoak bultzatzen ninduen . Ez nekien handik irtengo nintzen, baina saiatu behar nuen. Sabaizulora iristean, hau ireki, eta pasabidera jaitsi nintzen. Ez zegoen inor eta argiak itzalita zeuden. Eskuargia piztu nuen. Ez zen ezer entzuten makina batzuen hots konstantea izan ezik. Ez nuen laborategia ezagutzen baina Charliek bai. Berak emandako aginduak jarraitu nituen, esandako pasabideetatik joanez. Ate txuri batera ailegatu nintzen. Bertan kate bat zegoen, hau ez irekitzeko . Paretan zegoen
su-itzalgailu bat hartu nuen eta hainbat kolpe eman ondoren katea puskatze lortu nuen nahiz eta soinu ikaragarria egin. Segidan, atea ireki nuen. Laborategiko atzeko aldera eramaten zuen. Bertan Charlie zegoen itxaroten.
- Arazoren bat? – galdetu zidan.
- Ez, momentuz ez.
- Goazen ba. Zu produktuen bila eta ni materialen bila.
Banandu egin ginen. Bakoitza bere aldetik joan zen, plana jarraituz. Atzera begiratu eta Charlieren eskuargiaren argia nola urruntzen zen ikusi nuen.
- Baina, nor da Charlie? Zergatik laguntzen diot? Ez dakit nor den, ezta berarengan konfidatu beharko dudan ere. Agian laborategikoa da, nahiz eta bera hori ezeztatu. Duela bakarrik bi egun ezagutu dut. Non egongo dira laborategiko guztiak? Baina, norekin ari nahiz hizketan? Erotzen hasia naiz... Hemendik ihes egin behar dut naiz eta Charlie nor den ez jakin. Lagunduko diot, eta biak hemendik ihes egingo dugu...
‘Laborategia 1’ irakurri nuen ate batean. Honen ondoan kodigo bat sartzeko teklatua zegoen. Charliek esandako zenbakiak jarri nituen; 2,7,8,5,6. Benetan oso kontrolatua zeukan laborategia Charliek. Atea ireki eta barrura sartu nintzen. Hainbat produktu bitxi zeuden. Ez nituen halako produktuak inoiz ikusi. Ezta entzun ere; ‘anglusfina’ irakurri nuen kolore morea zeukan pote batean. Pote txiki batzuetan produktu horiek eta horrela irlaren existentzia demostratuko genuke.
Charliek itsasontzi txiki bat prestatua zeukan. Ez zuen ez arraunik ez belarik ere, eta horregatik motor bat behar zuen. Egia esan, ez nekien nola lortuko zuen, makina bati kenduko zion ziurrenik. Dena oso lasai zegoen. Gehiegi, nire ustez. Baina noizbait esnatuko ziren laborategiko horiek. Produktu kimikoak biltzen jarraitu nuen eta Charliek emandako oihalezko poltsa batean sartu nituen.
Bat-batean oihu batzuk entzun nituen:
- John! Ihes egin! Harrapatu naute! – Charlieren ahotsa zela nabaritu nuen.
Pasabidera atera nintzen eta Charlie niregana korrika ikusi nuen. Ez zuen motorra lapurtzea lortu. Zerbait gehiago hartu behar nuen froga moduan eta laborategian sartu eta denbora ez nuenez mahai baten gainean zegoen txosten bat hartu eta galtzetako gerrikoan jarri nuen. Charlie ni nengoen tokira iristen ari zen.
- Zetan zabiltza! Korrika egin! Alde hemendik!
- Produktu hauek asko pisatzen dute!
- Utz itzazu produktuak! Ihes egitea da garrantzitsuena!
Pasabidean Charlieren atzetik zetozen segurtasuneko guardia batzuk ikusi nituen. Pistola batzuk zeuzkaten eskuetan. Tiroka hasi ziren. Hau ikustean produktuak lurrera bota eta korrika hasi nintzen. Produktuek beraien artean erreakzionatu zuten eta leherketa txiki bat gertatu zen. Produktuak laborategiko atearen ondoan bota nituenez, leherketa laborategira iritsi eta bertan zeuden produktuak leherketa jarraitu eta handitu zuten.
Charlie eta biok , korrika egiteari utzi gabe, kanpora atera ginen. Tiro batzuk entzun nituen. Halako batean atzera begiratu eta Charlie lurrean zauritua eta atzean laborategia sutan ikusi nuen. Korrikan jarraitu nuen eta hondartzara iritsi nintzen. Atzera begiratu nuen, ez zetorren inor nire atzetik, baina plana gaizki atera zen. ‘Eta orain zer?’ pentsatu nuen. Ihes egiteko planarik gabe eta oraingoan bakarrik nengoen. Ezin nuen bakarrik ihes egin. Ezta saiatu ere. Ez nekien non zegoen Charlien egindako txalupa. Ez zidan esan. Agian ez zen nitaz fidatzen.
Soinu ikaragarri batek nire belarriak astindu zituzten. Itsasorantz begiratu eta itsasontzi bat niregana etortzen ikusi nuen. Sutearen kea ikusiko zuten seguruenik. Irribarrez itsasorantz igeri egiten hasi nintzen.


6

Itsasontzia zegoen tokira iritsi nintzen. Marinelak soka batzuk bota eta haien laguntzarekin itsasontzira igotzea lortu nuen. Haiek agurtu ere egin gabe istorio guztia kontatu nien. Ez zidaten ezer esan, bakarrik lurrera eramango nindutela. Eta horrela egin zuten.
Bi aste inguru barru, berriro nire herrialdean nengoen, eta itsasontzitik jaitsi bezain laster beltzez jantzitako pertsona batzuk kotxe batean sartu eta ni galdekatzera eraman zidaten. Lasai nengoen, ez nuelako ezer txarrik egin eta iristean zer gertatu zen galdetu zidaten. Lasaitasun osoz istorio guztia kontatu nien eta laborategian lapurtutako txostena eman nien.
Aste bat atxilotua egon ondoren eroetxe batera eraman ninduten. Indar alkandora bat jantzi ninduten. Han nengoela eroetxeko jabearen eta beltzezko pertsona horren elkarrizketa entzun nuen.
- Begira zer daukan – esan zuen beltzezko pertsonak txostena erakutsiz.
- Arriskutsua dela uste duzu?
- Arriskutsua? Ez dut uste, baina gehiegi daki. Zerbait gaizki atera omen zen, eta ihes egin zuen.
- Lehenengoan bezala?
- Lehenengoa hilda dago. Berarekin elkartu zen. Laborategiko lanak zailtzen ari zenez, irlatik kanporatzea egokiena zela pentsatu genuen. Hemen seguru egongo da?
- Lasai zaitez, ezingo da hemendik atera, eta edonori kontatu diezaioke, ez diote sinetsiko, orain eroetxe batean dago...
- Ongi da…..



Aitor Barrenetxea Iker Belloso